top of page

“E” hizkia pazienteen eskumuturrekoetan euskaraz artatua izateko nahia adierazteko

Asuncion Klinikan identifikazio berria gehitu dugu ospitaleratzean erabiltzen diren pazienteen eskumuturrekoetan: “E” letra larria, pertsona horrek euskaraz artatua izan nahi duela adierazten du, betiere posible denean.

ree

Neurri hau gure klinikaren Euskara Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta Euskara Batzordeak bultzatutako ekimen baten parte da. Helburua da arreta hurbilagoa, errespetuzkoa eta pertsonalizatua eskaintzea, pazienteak aukeratutako hizkuntzara egokituz.


Zer adierazten du ikur honek?

“E” hizkia pazienteari ospitaleratzean jartzen zaion eskumuturrekoan agertuko da, zeinetan dagoeneko haren oinarrizko datuak jasotzen baitira (izena, jaioteguna, historia klinikoa...). Identifikatzaile honi esker, profesional guztiek berehala jakin ahal izango dute pazientearen hizkuntza lehentasuna euskara dela, eta horrela komunikazioa erosoagoa eta seguruagoa izango da.


Prozesu osoan zehar aktibo

Eskumuturrekoa Admisiora edo Larrialdietara sartzean jartzen da eta pazientearen egonaldi osoan zehar mantentzen da, beraz, hizkuntza-aukeraren bereizgarri hau presente egongo da asistentzia-prozesu osoan.


Gainera, ekimen hau osasun arretako beste esparru batzuetan ere euskararen presentzia areagotzeko ahalegin zabalago baten parte da, eta pazienteek aukeratutako hizkuntza une oro kontuan hartzen dela bermatzen duen arreta-eredua bultzatzen du.


Euskaraz artatua izan nahi duzu?

Zure hizkuntza lehentasuna euskara bada, adierazi ezazu ospitaleratzean bertan edo administrazio-arretako guneetan: Admisioa eta Harrerak, Kanpo Kontsultak, Erradiologia edo Larrialdiak. Gure langileek zure historia klinikoan jasoko dute informazio hori, eta arreta prozesu osoan kontuan hartuko da.


Eskerrik asko guztioi laguntzagatik eta zuen konfiantzagatik.

 
 
 

Comments


bottom of page