Aurtengoa Euskaraldiaren II. edizioa izango da, eta 2018an bezala, Asuncion Klinikan eta zentroetan parte hartuko dugu. Egin duguna eta egingo duguna hobeto ezagutzeko, Euskara Batzordeko Uxoa Elustondo euskara koordinatzailearekin eta Koldo Urrestarazu euskara aholkulariarekin elkarrizketatu gara.
Euskaraldiaren lehen edizioan, 2018an, Klinikak eta zentroek Euskaraldian parte hartu zuten. Zer nolako balorazioa egiten duzue?
UE: Balorazio baikorra egiten dugu. 11 egun iraun zituen ekimenak, eta aldez aurretik egindako komunikazio kanpainari esker, ehundik gora lagunek eman zuten izena Ahobizi edo Belarriprest modura. Partaideek txapak eraman zituzten soinean eta euskararen erabileran bultzadatxoa sumatu zen egun horietan. Euskararen Egunean, abenduaren 3an, amaitu genuen ekimena, polita izan zen.
KU: Ekimena amaitu zenean, partaideei balorazio galdetegi bat banatu genien beren inpresioa jasotzeko, eta laburbilduz, bi ideia nagusitu ziren: batetik, ekimena ondo egon zela baina iraupen luzeagoa izan behar zuela; bestetik, jendeari hobeto informatu eta komunikatu behar zitzaizkiola horrelako ekimenak (rolen funtzioa, etab.), denbora gehiagorekin.
Iaz ere, Euskaraldiaren ekitaldi ofizialik ez izan arren, antolatu zenuten antzeko dinamika bat Klinikan eta zentroetan, ezta?
UE: Bai, eta oso ondo atera zen, gainera. Guztira 141 parte hartzaile izan genituen, langile guztien %41,5, hain zuzen.
KU: 2018ko dinamikaren antzekoa egin genuen, baina berritasuna izan zen Ahobizi eta Belarriprest rolak erabili ordez beste hiru rol hauen artean aukeratu zutela partaideek: HITZ EGIN (Ahobiziak), ENTZUN (Belarriprestak) eta SENTITU (euskara gutxi zekitenak).
UE: 2019an ere Euskararen Egunean amaitu genuen ekimenarekin: partaide guztien artean euskarazko liburu bat zozketatu genuen eta irabazleari argazkia atera genion sariarekin.
Eta iritsi gara II. Ediziora. Ze berritasunekin topatuko gara oraingoan?
KU: Ariguneak dira aurtengo berrikuntza nagusia. Ariguneak euskaraz aritzeko guneak dira eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Klinikan eta zentroetan guztira 14 arigune identifikatu ditugu eta bertako 35-40 kideekin konpromisoak sustatuko ditugu ekimenak irauten duen bitartean euskararen erabilera bultzatzeko.
UE: Bestalde, ohi bezala, oraingoan ere aukera izango dugu norbanako gisa Ahobizi edo Belarriprest rolak aukeratzeko. Horretarako izena eman behar da Euskaraldiaren web orrian, https://izenematea.euskaraldia.eus/ helbidean. Animatu!
Euskaraldiaz gain, Euskara Planaren barruan beste hainbat ekintza bideratzen dituzue.
KU: Egia esan, koronabirusa dela-eta, aurtengo urtea zaila izaten ari da, eta, ondorioz, helburu batzuk egokitu egin behar izan ditugu. Adibidez, datorren urte hasierarako utzi dugu langile guzien artean Egunean Behin lehiaketa antolatzea, Klinikan eta zentroetan ahozko neurketak egitea…
UE: Helburu nagusi batzuk aurten bideratu ditugu, hala ere. Oraintxe, adibidez, euskara ez dakiten langileentzako lanean gehien erabiltzen dituzten esaldi eta espresioen liburuxka osatzen ari gara. Bestalde, langileen ezagutza datuak ere eguneratu ditugu aurten, eta sare sozialen bidez urteko helburu nagusien komunikazioa egin dugu.
Comments