top of page
  • Foto del escritorAsuncion Klinika

"Pazienteari pazientzia eta maitasun handia eskaini behar zaio bere beldurra gainditu dezan"

Asunción Klinikako Odontologia Zerbitzuko Amaia Arbillaga odontologak "Ahoko higienea: osasuna hortz-haginetan" online hitzaldia eskainiko du asteazkenean, otsailaren 24an, 18:00etan, zentroko sare sozialen bidez, Osasuna Etxean kanpainaren barruan. Zentro tolosarrak pazienteak ahaldundu nahi ditu, ohitura osasungarriak eta osasun-ezagutza zabalduz, bere espezialista eta profesionalen bitartez. Aukera hau aprobetxatu nahi izan dugu berarekin elkarrizketa bat izateko: zergatik garbitu behar ditugu hortzak? Zein da zepilorik onena garbiketa egiteko? Nola kendu beldurra? Hona hemen erantzunak bere hitzetan:



Zergatik garbitu behar ditugu hortzak?

Hortzak garbitzea oso garrantzitsua da osasunarentzako. Ahoko gaixotasunak ekiditeko ahoan fisiologikoak diren bakteria asko bizi dira beharrezkoak direnak; bai listuan, baita mingain eta hortzetan ere. Baina garbiketa egokia ez denean, bakteria hauek hortzetan eta mingainean gelditzen diren elikagaiak azidoetan eraldatu eta azido hauek pixkanaka hortzei erasotzen diete, txantxarra eraginez, beste hainbat gaixotasunen artean.


Zer egin behar dut aho osasuntsua izateko?

Ahoa osasuntsua izateko garrantzitsuena higienea dela esango genuke. Baina horrekin batera ere hartzen ditugun elikagaiek eta edariek ere garrantzi handia dute. Neurri handi batean, azukrea duten elikagai eta edariak dira kaltegarrienak; baina 2 horien artean, edariak izango litzateke okerrenak, horiek hortzen leku guztietan geratzen baitira, esmaltean itsatsia gelditzen direlarik.


Zeintzuk dira ahoko gaixotasun ohikoenak?

Alde batetik txantxarra. Hortzen esmaltean (kanpoko azalean) geratzen diren elikagaiak azido bihurtzen direnean, hortzak “zulatu” egiten dituzte. Bestalde, gingibitisa hortzak ondo garbitzen ez direnean gertatzen da, elikagai hauek inguruko entzia inflamatzen dutelarik. Gainera, hau gelditzen ez bada, deriodontitisa edo diorrea gerta liteke, inflamazio hori areagotuz, hortzetako hezurrak pixkanaka-pixkanaka galtzen joaten direlarik. Eta azkenik, beste gaixotasun ohikoak halitosia eta bruxismoa direla esango nuke. Baina gaixotasun hauetaz zehatzago hilabete honen amaierako hitzaldian hitz egingo dut.


Gozoen kontsumoa saihestea gomendatzen dugu umeengan, baina garrantzitsuena garbitzea da, dudarik gabe.

Zeintzuk dira ahoko gaixotasunak sor ditzaketen janariak?

Ahoko gaixotasunak batez ere higiene txar batekin lotuta doaz, baina horretaz gain bai tabakoa eta alkoholaren kontsumoa gehitzen badizkiegu, arazoa areagotu egiten da. Guzti honi elikadura oker bat ematen badiogu, gaixotasuna lehenago azalduko da. Elikagai okerrenak azukreak izango litzateke, eta hauek egoera likidoan badaude (freskagarriak, zumoak, yogurtak…) are gehiago. Batez ere fruitu-barazkiak, esnekiak, fruitu lehorrak, haragi txikiak eta lekaleen kontsumoa egitea gomendatuko nuke. Gozoak, neurri batean, noizean behin har ditzakegu baina kasu guztietan higienea areagotuz.


Zein zepilo mota da onena, eskuzkoa edo elektrikoa?

Ni eskuzko zepiloen aldekoa naiz. Elektrikoarekin egia da hortzen eta entziaren gain egiten den indarra gehiago kontrolatzen dela, baina honen buruaren tamaina eskuzkoarena baino 2-3 aldiz txikiagoa izaten da, eta honek garbiketaren iraupena txikitu egiten du, lan berdina egiteko. Nik kontsultan hau dezente ikusten ditut non gurasoek umeei zepilo elektrikoa erosten dieten, hortzak garbitzeko “motibazio” modura; politagoa delako, modernoagoa, ezberdina… eta egia da hasiera baten hortzak garbitzeko motibazio hori eragin dezakela, baina kasu gehienetan oso iraupen txikia izaten du. Umeek ez dute “denborarik” eta pazientziarik askotan, eta gerora, lan berdina egitean zepilo manuala edo elektrikoarekin, hobea izango litzateke eskuzkoarekin egitea. Orokorrean, nik 14-15 urte egin arte eskuzko zepiloa gomendatuko nuke. Hortik aurrera kasuak kasu. Eta ez dezagun ahaztu zein garrantzitsua den mingaina garbitzea.


Pazienteek dentistaren beldur izaten jarraitzen al dute? Zer egiten duzu gainditzen laguntzeko?

Beldurra egunero ikusten dut gure kontsultan, batez ere umeak direnean. Gure kontsultan honi aurre egiteko pazientzia eta maitasun handia eskaintzen dugu. Umeen kasuan, kontsultak errepikatu egiten dira hainbat kasutan ezer egin gabe, baina pazientziarekin, askotan lortzen dugu euren kolaborazioa. Kasu larrienetan, odontopediatrarengana bidaltzen ditugu, bertan antsiolitiko eta sedazio bidez burutzen baitituzte tratamenduetan. Helduen kasuetan, medikazioaren bat eman izan dugu lasaiago etortzeko, baina zorionez oso kasu gutxi izaten dira. Helduei musika ekartzea ere esan izan diegu hainbat zirujietan.


Zein aholku errepikatzen diezu gehien pazienteei?

Garbitu, garbitu eta garbitu. Gutxienez eginean bitan, hiru badira hobe. Baina batez ere gauean, oso ondo garbitzea ohera joan aurretik, lo gaudela ez baitugu listurik sortzen, eta aho zikin batean, lotan, bakterien lana azkartu egiten delako. Gozoen kontsumoa saihestea gomendatzen dugu umeengan, baina garrantzitsuena garbitzea da, dudarik gabe.

0 comentarios
bottom of page